‘Juan Carlos Eguillor’ Ikus-poesia Sariko irabazlearekin elkarrizketan
Óscar Sotillosek ‘Equidistancia’ lanarekin Euskadiko Idazleen Elkarteak antolatzen duen ‘Juan Carlos Eguillor’ Nazioarteko III. Ikus-poesia Saria irabazi du. Brenan Duarte eta Juan Zapaterekin batera epaimahaiko kide izan den Ricardo Ugarte eskultorearen esanetan, “lirismo handiko lan garbia eta argia da eta, batera, tratamendu formalari dagokionez, kontzepzio poetiko xahu eta sendoa du”.
Sotillosek AEE-EIEren webguneari eskainitako elkarrizketan adierazitakoaren arabera, poza handiz jaso du saria, izan ere, “gisa honetako esker onek jolasten jarraitzeko eta kuriositatea eta esperimentazioaren bidez lortzen duzun hura konpartitzen jarraitzeko egundoko hauspoa baitira”.
Idazle eta artista kataluniarrak, 2006an José G. Obrerorekin batera ikus-poesiako ‘El Pixel en el ojo’ kolektiboa abiatu zuenak dioenez, “ikus-poesiak interesatzen nau duen berehalakotasunagatik, ikuslearen erretinan zirrara zuzena eragiten duelako eta horrek sustatzen duelako gero norberaren elaborazioa. Bestetik, irudi literarioekin jostatzeko aukera ematen du, hitzetik haratago bizi propioa ematen dielako”.
Lan irabazleaz aritu da ere eta azaldu duenez, “idatzizko poema batetik ikus-poema bat sortzea, isurtzea ez da ohizkoa, baina horretan ‘Equidistancia’ salbuespena da. Idatzizko poema horretan lau urteko nire alabak eskaini dizkidan gauzen inguruko hausnarketa egiten dut. Gauza horien artean dago harekin jolastean sentitzen dudan bizitasuna eta arintasuna, hura hazten ikustean, harekin batera jada ahaztu dudana ikasiz”.
Óscar Sotillosi egindako elkarrizketa osoa