Joxan geure bihotzeko laguna!

Iazko martxoaren hamarrean, Bilbo Zaharrean elkartu garenean, honako poematxo hau ezkaini zenidan  kafetegiko papertxo batean idatzirik:

Egunen batean

hiltzen ez banaiz

eta mundua gelditu

eguzkia itzalita…

zatoz eta

eraman nazazu

zure planetara bihotz-argitan.

Bai, eramango zaitut biok aspalditik ezagutzen dugun planetara, liburuenera, jakina.

Mississippitik nabigatzean Tom Sawyerrek eta Huckleberry Finnek bezala.

Gaur, apirilaren bian, Nazioarteko Haur eta Gazte liburuaren eguna ospatzen da, gure eguna nolabait. Dakizunez, urtero bezala, idazle batek gazte guztientzat bere mesua idazten du. Aurten,  Estoniako Aino Pervik-en  txanda izan da, eta liburuen gogoratzeko potereaz doa:

“Liburuek idatzita izan diren garaia gogora ekartzen dute” —dio egile estoniarrak—. “Liburuek Tom Sawyerrek, Huckleberry Finnek eta haren adiskidea zen Jimek XIX. mendearen bukaeran Mississippitik nabigatzean benetan sentitzen zutena azaltzen digute, Mark Twainek haren abenturak kontatzen zizkigunean: sakonean ezagutzen zuen garai hartako jendeak besteez zer pentsatzen zuen, haien artean bizi baitzen bera. Haietako bat zen”.

Zu bezalakoa, Joxan, gutariko bat betiko izango zarelako.

“Ea ibilbide gozoa eta luzea izaten duten zure paperezko semetxoak, esaten zenidan sarri. Ea hirian edo mendian, elkartzen garen urtea zahartu baino lehen”.

Bada, horixe, Joxan, luze eta gozoa zure liburuen bitartez  izan dadila gure ibilbidea.