José Antonio Martín Acostaren obra berria aurkezten dizuegu. "Neanderworld, Voluntad de poder" izenburua darama eta Íbera Ediciones argitaletxeak plazaratu du.

José Antonio Martín Acosta bera bere obra berriari buruz hitz egiteko arduraduna izatea nahi izan dugu. Hauek dira bere hitzak: “Historia lizentziatura egin ondoren neandertalei buruzko galdera asko geratu zitzaizkidan erantzun gabe, gurekin antza handia duten baina gu ez ginen izaki horiei buruz alegia. Batzuek lehen europarrak direla esan dute. Haien itxura fisikoa interesatzen zitzaidan, haien garezurraren edukiera, gurearena baino handiagoa ere baita, eta haien desagerpena, Iberiar penintsularen hegoaldean.Guk, Homo Sapiens Sapiensok, cromagnonok, horrekin zer ikusirik izan al dugu? Ezberdinarekiko gure jarrera, azken milurtekoetan frogatu den moduan, ez da bereziki maitekorra izan. Horregatik neandertalak protagonista ziren gizarte bat sortzeko interesa nuen. Zer gertatuko ote litzateke biziraun izan balute? Zer gertatuko ote litzateke mundua menderatu eta gu, cromagnonak, “besteak” izango bagina? Orain errefuxiatuekiko sentsibilitate handia dagoen une honetan eta kontzientziatuagorik gauden eta enpatikoagoak garen honetan, ispilura begiratzeko eta ikusten duguna atsegin ote dugun edo ez esateko une egokia dela uste dut. Denbora gehiegian zehar ezberdina gaitzetsi da, etorkina, homosexuala, lesbiana, beltza, ijitoa eta, jokabide xenofobo asko dauden Europa batean, Neanderworld honen ispilua eskaintzea egokia dela uste dut, benetan denok familia handi baten zati garela kontziente garen edo ez ikus dezagun, GIZATERIAren zati alegia”.

Zorionak eman nahi dizkiogu José Antoniori nobedade honengatik, egin digun obraren aurkezpena eskertzen diogu eta poz handiak ekartzea opa diogu.

"Neanderworld, Voluntad de Poder" eleberriaren sinopsia

Cordel Plunch polizia inspektore neandertalak Neo Kaliningradon gertatutako cromagnonen hilketa izugarri bati buruzko txosten bat jasotzen du. Neo Bilboko bere egoitzatik laguntza eman edo ez zalantza du, baina gertakariak abiadura bizian gertatzen dira. Siberiako Gerrak Neanderworldeko mugak errefuxiatu cromagnonez betetzen ditu eta gizarte neandertal sendoa kolpe itzela jasotzeko zorian dago. Bien bitartean, Zuhalí, munduko sekretuak ezagutzen dituen errefuxiatu hegoafrikar bat preso dago Vorkutan. Berrogei milurteko dituen gizarte neandertalak barne arazo larriei aurre egin behar die. Cordelio, Lehen Klanak bere desadostasunak konpontzen dituen lekua, sugegorri habi bat da eta inoiz aldatu ez dena aldatzeko zorian dago.

Giza kondizioaren sekretuak, ezberdinarekin bizikidetza eta ontasuna ikertzen dituen Neanderworld saga, suposizio batetik abiatzen da. Zer gertatuko ote litzateke neandertalak, gure giza anaiak, besteak, desagertu izan ez balira eta mundua menperatuko balute? Zein tokitan egongo ginateke gu, cromagnonok? Pertsonaia cromagnon eta neandertal ugarik hilketa kasu bat argitzen saiatuko dira, Neanderworldeko mundu zurrun eta kontserbadoreak behea jotzen duen bitartean. Anbizioa, gerra, botere borrokak, traizioa eta sektakeria elkarrekin doaz neandertalen mundu zaharra eta berria deskribatzen duen akzio eta abentura thriller honetan”.