Proiektua Donostia 2016 programazioaren baitan garatu da

Datorren ostiralean, abenduak 16, arratsaldeko 19:00ean, Luisa Etxenike eta Mircea Cartarescuk emango diote amaiera ‘Chejov vs Shakespeare’ proiektuari. Hitzaldia Pilar Rodriguezek moderatuko du eta Aquariumean izango da (Donostiako Aquariuma). Donostia 2016 markoan garatu den ekimen interesgarri bat da hau eta euskal idazle zein munduko beste tokietako idazleen arteko eskutitz elkar-banatze batean datza, gatazka oinarri hartuta gaurkotasun gaiak eta pertsonaiak idazgai moduan hartuz.

Pasa den azaroaren 7tik, parte hartu duten prestutasun handiko euskal eta nazioarteko egileen arteko topaketak egin dira.

Parte hartu duten 16 egileek oinarritzat hartu duten tesia Amos Oz egile israeldarraren esaldia izan da: “Ekialde Hurbilekoa bezalako gatazketan bi ikuspegi literario elkartzen dira; alde batetik, Shakespeareren justizia poetikoa, non inork ez duen amore ematen, printzipioek eta ohoreak bertan dirauten ezeren gainetik, bizitzaren gainetik ere, baina eszenatokia odolez estalita geratzen den; eta, beste aldetik, Chejoven giza justizia tamalgarria, haien desadostasunak eztabaidatzen eta konpontzen dituzten pertsonaiekin, azkenean haien etxeetara nahiko frustraturik itzuliz. Baina bizirik itzuliz”.

Elkar-banaturiko mezuak hainbat libururen argitalpenarekin aterako dira argitara.