Egileak eta argitalpen plataforma berrien arteko harremana hartuko da ardatz. Bilboko Alhondigako Bastida Aretoan burutuko da irailaren 20an, sarrera libre dela, 10.00etatik 19.00ak arte, eta ponentziak, mahai inguruak eta tailer praktikoak eskainiko dira.

Egilea argitalpen mundu berrian’ trebakuntzarako ekimen irekia da, AEE/EIEko kideei zein interesa duen beste edozein pertsonari zuzendua. Euren lanak argitaratu aurretik informazio sakonagoa jaso nahi duten pertsonei zuzendua dagoen jardunaldia da. Batera, idazmen-tailerretan dabiltzan ikasleei zein horietan irakasle direnei zuzendua dago. Orokorrean, sektorearekin harremana duten pertsona orori zabaldua da, katearen puntu ezberdinetan dabiltzanei oro bat: sormena, argitalpena, banaketa, salmenta eta liburutegiak.

Azken hamarkadan hamaika izen berri agertu dira argitalpenaren munduan: Lulu, Bubok, Wattpad, Smashwords, BookCountry, Authonomy, Kindle Publishing Direct, Kobo SelfPublishing, iAuthor de Apple, Barnes & Noble, la iBookstore eta Google Play. Hauetako asko azken bost urteotan sortu dira. Adituen esanetan, hau hasiera besterik ez da, izan ere 2010-2020 hamarkadan zehar sektorea hankaz goratuko baita, autoargitalpenaren erabateko ezarpenerako garaia izango delakoan.

Argitalpenaren oihanean barneratzea zaila bazen oso, erantzunik gabeko galderaz beteriko bide horretan, maiz, argitaletxeen proposamenek ere ez zuten zalantzak argitzen eta aurrera egiten laguntzen. Dena ziztu bizian doa eta argitalpen modu tradizionalei ikasturtero ikasgai berri zenbait gehitu behar zaizkio.

Ideia argia osatzea zaila da, datuek eta zifrek errealitate aldakorra erakusten dute: argitaratzaile estatu batuarrek onartzen dutenaren arabera, 2013an autoargitalpenak %58an hazi dira. Amazonek baieztatzen duenez, autoargitaratutako liburuak euren TOP 100aren %25a suposatzen dute.  Argitalpen tradizionala hasi da horren eragina sumatzen eta Espainiako Argitaratzaileen Gremioak adierazitakoaren arabera, epe berean, salmentak %9,7an murriztu dira (2012an baino 291 milioi gutxiagoko fakturazioa) eta azken hamar urteetan zehar murrizketa %19a da. 2013an gora egin zuen bakarra liburu digitala izan zen, %8,1eko igoerarekin eta 80,26 milioi euroko fakturazioarekin.

Edozein iturrira jota ere, gairik nabarmenenak krisia, autoargitalpena eta merkatu digitalaren ingurukoak dira. Eta horiexek dira ere datorren irailaren 20an, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak diruz lagundutako ‘Egilea argitalpen mundu berrian’ izenburupeko I Jardunaldian jorratuko diren gai nagusiak. Helburua sormen literarioan interesa duten pertsona orori sektorearen egoeraren inguruko informazioa eskaintzea da.

Informazio osoa